Atzealdea ADINBERRIk harro eraman du Korrikaren lekukoa

2026 / 03 / 25

ADINBERRIk harro eraman du Korrikaren lekukoa

Fundazioak euskal ekimen honetan parte hartu du euskara eta bizitza osasuntsua sustatzeko helburuarekin

ADINBERRI Fundazioak bere aletxoa jarri du gaur euskararen alde Donostian. Fundazioaren zuzendari Rakel San Sebastianek Korrikari harrera egin dio Gipuzkoako hiriburan egin duen lehen kilometrotan eta, dozenaka pertsonaz inguratuta eta hizkuntza zein komunitatearen alde lan egiteak ematen duen auspoaz lagunduta, harro eraman du ADINBERRIko lankideekin batera martxoaren 19tik Euskal Herri osoa zeharkatzen ari den lekukoa.

ADINBERRIk burututako kilometroa, Donostiako Herera auzoan, oso esanguratsua izan da. Izan ere, etorkizunean ADINBERRIren Erreferentzia Zentroa hartuko duen La Herrera egoitzaren metro eskas batzuetara korritu da. Trintxerpetik etorri eta Altzarako bidean, San Sebastianek adierazi du “gaur lekukoa eramanez, ADINBERRIk bere ekarpena egin du Euskal Herria osoa zeharkatzen duen ekimen honetan: euskararen alde, komunitatearen alde eta guztiontzako bizitza luzeago eta hobe baten alde”.

Bidea egin elkarrekin

Korrika, ADINBERRIko zuzendariak adierazi duenez, “denon artean bidea egitea da” eta bere parte-hartzearekin batera, zahartzaro osasuntsuaren alde lan egiten duen elkarteak argi utzi nahi izan du “etorkizuna elkarrekin eraikitzen dela” eta lanean jarraituko dutela adin guztietako pertsonek zer eman eta zer ikasi duten “gizarte hobe baten alde”.