Atzealdea ADINBERRI Fundazioa Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide gisa aintzatetsi dute

2026 / 02 / 12

ADINBERRI Fundazioa Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide gisa aintzatetsi dute

Bizitza luze berriaren arloan, Fundazioa berrikuntzaren eta bultzada ekonomikoaren eragile gisa sendotzen duen beste mugarri bat da.

ADINBERRI Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) kide gisa aintzatetsi dute. Sari horrek indartu egiten du bizitza luze berriaren arloan Fundazioak berrikuntzarekin eta bultzada ekonomikoarekin duen konpromisoa. Ebazpen baten bidez, Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzak, ezagutzaren sorkuntza eta transferentzia sustatzea, produkzio-arloko enpresa-sarearen lehiakortasuna indartzea eta Euskadiren garapen jasangarrian eta aurrerapen sozialean laguntzea helburu duen sarearen eragile zientifiko-teknologiko gisa akreditatu du ADINBERRI. 

“Aintzatespen horrek berretsi egiten gaitu 2018an ekin genion bidean, biztanleriaren zahartzeari ikuspegi bikoitzetik, sozialetik eta ekonomikotik, heltzeko estrategia berritzailea abian jarrita, biak helburu berean bat eginda, pertsonen bizi kalitatea hobetzea”, adierazi du Rakel San Sebastian zuzendariak. Ia zortzi urteko ibilbide honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ADINBERRI fundazioak zahartzearen erronka estrategiko nagusiei erantzuteko hainbat tresna eta proiektu bultzatzaile jarri ditu martxan, balio kate osoa barne hartuz, ikerketatik eta ezagutzaren sorkuntzatik, esperimentazioa sustatuz eta ekimenei merkatura iristen lagunduz, eskaintzaren eta eskariaren arteko lotura eraginkorra lortuz. Zehazki, 94 proiektu finantzatu ditu, guztira 6 milioi euroko zenbatekoarekin, pertsonen bizi kalitatearen hobekuntzan eragina izango duten soluzio berritzaileak sustatzera bideratutako hainbat laguntza deialdiren bidez. 

ADINBERRIren 2024-2027 Berrikuntza Agenda Estrategikoak sendotu egiten du, hain zuzen ere, “zahartzea berrikuntza sozial, teknologiko eta ekonomikoaren palanka bihurtzeko konpromiso hori”, azpimarratu du San Sebastianek. Hauskortasunaren prebentzioa, nahi ez den bakardadeari heltzea edo Pasaian Berrikuntza Polo bat sendotuz Silver Economy bultzatzea lehentasunezko eremu gisa hartzen dituen agenda horren hedapena funtsezkoa izan da Fundazioa ZTBESeko eragile gisa ziurtatzeko, ezin hobeto lerrokatzen baita bai sare horrek bai Euskadiko 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak (ZTBP 2030) lortu nahi dituzten helburuekin. 

700 eragile baino gehiagoko ekosistema

ADINBERRIk 700 eragilek baino gehiagok osatutako berrikuntza-ekosistema artikulatzea lortu du tarte horretan, eta, aldi berean, gizarte- eta enpresa-berrikuntzako ibilbide osoa definitu du. Ibilbide hori bultzatzeko hainbat tresna jarri ditu martxan, hala nola Adimen Aurreratuko Sistema (AAS), ezagutza trukatzeko, joerak identifikatzeko eta zahartzearen erronka nagusiei lotutako etorkizunak diseinatzeko erreferentziazko plataforma. Beste bat Berrikuntzaren Erosketa Publikoa da, funtsezkoa administrazio publikoak merkatuari aplikatutako berrikuntza edo profesionalei zuzendutako silver economyko prestakuntza-programa sustatzeko.

Era berean, Fundazioak ADINBERRI Labs sarearen diseinua eta garapena bultzatu du, ekimenak ingurune errealetan probatu eta balioztatu ahal izateko, eta, azkenik, “go to market” programen bidez, eskaintzaren eta eskariaren arteko lotura ahalbidetu du. Laguntza tresna horiek guztiak funtsezko palanka dira berrikuntza inpaktu ekonomiko eta sozial bihurtzeko, merkatura soluzioak azkarrago irits daitezen, bizitza luzearen inguruko ekonomiaren (Silver Economy) garapena sustatzeko eta sistemaren jasangarritasunean laguntzeko.