Atzealdea ADINBERRI, berriz ere, Ongizatearen Plazan, oraingo honetan Hernanin

2026 / 04 / 29

ADINBERRI, berriz ere, Ongizatearen Plazan, oraingo honetan Hernanin

ETB1eko ‘Adinberri’ saioak ariketa fisikoko, mindfulness-eko eta estimulazio kognitiboko saio ireki bat eskaini du

ADINBERRI Fundazioak berriz ere parte hartu du ‘Ongizatearen Plazan’, Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko udalerrietan ongizate integralaren inguruko elkarrizketa eta entzute aktiboa sustatzeko antolatutako jardunaldi ibiltarian. Oraingo honetan, ekimena Hernanin egiten ari da, eta gaurtik biharrera bitartean Urbieta kaleak hartuko ditu solasaldiak, mahai-inguruak eta parte-hartze jarduerak.

Jardunaldiari egindako ekarpenaren barruan, ADINBERRIk ETB1eko ‘Adinberri’ programaren saio berezi bat egin du. Ekimen horren helburua da adinekoen artean jarduera fisikoa, mindfulness-a eta estimulazio kognitiboa sustatzea. Zahartze osasungarriari eskainitako gune baten baitan, Iñigo Vicens prestatzaile fisiko eta saioko aurkezleak herritarrei irekitako ariketa saio bat gidatu du, eta bertan ia berrogeita hamar lagunek hartu dute parte.

Parte-hartzaileen artean izan dira Eider Mendoza, Gipuzkoako diputatu nagusia; Maite Peña, Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatua; Rakel San Sebastián, ADINBERRIko zuzendari nagusia; eta Xabier Lertxundi, Hernaniko alkatea.

Saioan parte hartu dute, halaber, Naia Ros neuropsikologoak eta Raquel Rodríguez yoga erraztaileak. Biek osatu dute jarduera estimulazio kognitiboko tailer batekin eta mindfulness saio batekin, hurrenez hurren.

Horrez gain, ADINBERRIk biharko jardunaldia babestuko du nahi gabeko bakardadeari buruzko hiru mikro-dokumentalen proiekzioarekin. Lan horiek Ados Teatroak ekoitzi ditu, 2024-2025eko ‘ADINBERRI-HARIAK’ dirulaguntza deialdiaren erakunde onuradunak. Ikus-entzunezko pieza horien bidez, Hernaniko herritarrek nahi gabeko bakardade egoerak bizi dituzten hiru pertsonaren esperientziak gertutik ezagutzeko aukera izango dute. Proiekzioa amaitzeko, solasaldi bat egingo da, eta bertan parte hartuko du film laburretako protagonistaetako batek.