ADINBERRIk Gertu Kulturaren jardunaldi batean parte hartu du, hautatu gabeko bakardadea kultura aldetik nola jorratu azaltzeko

2024 / 11 / 21

ADINBERRIk Gertu Kulturaren jardunaldi batean parte hartu du, hautatu gabeko bakardadea kultura aldetik nola jorratu azaltzeko

ADINBERRIk 'Kultura eta Komunitatea: hautatu gabeko bakardadearen aurka' jardunaldietan parte hartu du ostegun honetan. Jardunaldi horiek Gertu Kulturak antolatu ditu, Gipuzkoako kultura eta gizarte sektorea modu egonkorrean lotzen dituen sareak, bere lehen urteurrenean. Ekitaldia Donostiako San Telmo Museoan izan da, eta bertan, Fundazioko zuzendaria Rakel San Sebastianek, ADINBERRIren kultura- eta komunitate-proiektuak zehaztu ditu, fenomeno hori prebenitu eta jorratzeko asmoz.

Ildo horretan, honako hauek aipatu ditu: hautatu gabeko bakardadeak prebenitzeko eta horiei aurre egiteko HARIAK estrategia gizartera hurbiltzeko egin ziren eskualdeko saioak; Hariak Kantuz proiektua, bere hirugarren gabonetako edizioa abenduaren 14an ospatuko duena; ADINBERRI buru duen KORALE Europako ekimena; edo I. ADINBERRI Bandera, zein Fundazioak lehenengo aldiz babesa eman zion Euskolabel Arraun Ligari, ADINBERRI Pasaiara hurbiltzeko asmoz, etorkizuneko erreferentziazko zentroa bertan eraikiko dela eta.

Gertu Kulturaren jardunaldiak asteazkenean eta ostegunean izan dira, eta, San Sebastianez gain, bertan izan dira Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua Maite Peña, Aldundiko Kulturako zuzendari nagusia María José Tellería, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendaria Urkiri Salaberria, San Telmo Museoko zuzendaria Susana Soto eta Gertu Kulturako zuzendaria Marta Font, besteak beste.

Hain zuzen ere, ADINBERRIko zuzendariak 'Politika publikoak, auzoak, komunitatea eta loturak' gaiei buruzko hausnarketa-mahai batean parte hartu du. Bertan, hautatu gabeko bakardadeari aurre egiteko hainbat estrategia aurkeztu dira, hala nola Fundazioarena. San Sebastianekin batera, fenomeno horri buruz hitz egin dute Arabako Foru Aldundiko Patricia Andresek, Bartzelonako Udaleko Radars-eko Eulàlia Viñasek, Radars Ciutateko Anna Bordesek, Asturiasko Printzerriko Kontseilaritzako María Covadonga Lópezek eta Bizkaisareko Ignacio Rodriguezek. Donostia Lagunkoiako Eva Salaberriak moderatu du mahaia. Bestalde, ADINBERRIren Hariak Kantuz proiektuko Marta Garciak ere parte hartu du jardunaldietan, "Kultura eta bere inguruneak, osasun emozionala eta bakardadea" izeneko solasaldian ekimen hori azaltzeko.

Gertu Kultura irabazi-asmorik gabeko ekimena da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak eta Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuak babesten dute, La Caixa Fundazioarekin batera. Orona, Irizar eta Danobaten laguntza ere badu.