ADINBERRIrentzat funtsezkoa da adineko pertsonen ikuskera positiboa, heterogeneoa eta inklusiboa sortzea

2024 / 09 / 26

“ADINBERRIrentzat funtsezkoa da adineko pertsonen ikuskera positiboa, heterogeneoa eta inklusiboa sortzea”

Rakel San Sebastian Fundazioko zuzendariak “Adinkeria komunikabideetan” jardunaldian hartuko du parte GizadiBerri proiektuaren barruan

“ADINBERRIk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak zahartze-estrategiaren beraren printzipio gidarietatik ekingo diogu adinkeriaren gaiari. Estrategia horren helburua berdintasunezko gizarte kohesionatua sortzea da, adineko pertsonen ikuspegi positibo, heterogeneo, inklusibo eta ekitatibotik abiatuta”. Gipuzkoako Foru Aldundiak Orue Auzolana Fundazioaren GIZADIBERRI proiektuaren eta HelpAge España Fundazioaren laguntzarekin, irailaren 26an antolatutako “Adinkeria komunikabideetan” jardunaldian parte hartu zuen Rakel San Sebastian ADINBERRIko zuzendariaren hitzak dira.

Eusko Jaurlaritzaren Agenda Nagusi ekimenaren arabera, “adinekoen ia erdiek eta gazteen % 100ek adierazi dute diskriminatuta sentitu direla 2022an beren adina dela-eta”. Diskriminazio mota hori gizarteko erakunde eta sektore askotan iragazten da, komunikabideetan barne.

Ildo horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gunea aretoan egindako topaketa, komunikazioak adinaren araberako diskriminazioan betetzen duen leku aztertzeko egin zen, izan ere, komunikazioaren esparruan hizkuntza ondo erabiltzea funtsezkoa da komunikabideetan adinkeriazko topikoak saihesteko.

Bileran komunikazioan eta zahartzean adituak diren pertsonek hartu zuten parte, hala nola, Gipuzkoako Foru Aldundiko Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatua Maite Peñak eta ADINBERRIko zuzendaria Rakel San Sebastianek. San Sebastianekin batera, Elena del Barrio Matia Institutuko zuzendarikide eta Matia Fundazioko ikertzaileak eta Amaia Goikoetxea Kazetarien Euskal Elkargoko eta Kazetarien Euskal Elkarteko dekano eta presidenteak hartu zuten parte solasaldi batean.

San Sebastianek prebentzioa ere azpimarratu zuen jardunaldi horretan. Izan ere “funtsezkoa eta ADINBERRIren Berrikuntza Agenda Estrategikoaren funtsezko oinarrietakoa da, baita Gipuzkoan erabiltzen ari den Arreta eta Zaintza Ereduarena ere”.

Jardunaldia amaitzeko, HelpAge Españak idatzi eta GIZADIBERRIk euskaratutako ‘Adinekoenganako adinkeriarik gabeko komunikazio-gida’ aurkeztu zen. Dokumentua kazetariei zuzenduta dago, eta adineko pertsonei buruzko albisteen estalduran sor dakizkiekeen zalantzen inguruan orientatzea eta horiek argitzea du helburu.