Adin-tarte guztion inplikazioa behar da bakardadeei konponbidea emateko

2022 / 07 / 01

Hariak Estrategia Eibarko Coliseo Antzokian aurkeztu zen, bertako Udaleko alkatea den Jon Iraolaren hitzaldi sakon eta zuhurrarekin

Eibarko Errebal Plazatik Coliseo Antzokira publikoa lekualdatzearen lana musikaren laguntzaz burutu zen. Hain zuzen ere, Laura Besne harpa-joleak bakardadea simulatzeko hainbat pieza jo zituen, bere inguruan jende ugari bilduz eta entzuleak ekitaldi nagusiko elkarrizketa publikora eramanez.

Behin publikoa Coliseo Antzokian zegoela, aukezpen-ekitaldiari hasiera eman zitzaion Eibarko Udalako alkatea den Jon Iraolaren eskutik. Behin bertara gerturatu ziren guztiei esken ona eta ongietorria emanda, azaldu zuen Eibarko biztanleriaren “%15ª inguru” 65 urtetik gorakoa denez, “ezinbestekoa” da Hariak bezalako estrategiak izatea, desiratzen ez diren bakardadeak “erronka sozial eta ekonomiko garrantzitsuak” baitira.

Bakardadearen onurei eta kalteei buruzko hausnarketa sakon bat utzi zuen Iraolak, nahi ez den bakardadean sakontzeko: “Gaurko gizartearen arazo garrantzitsuenetariko bat da, pandemiarekin bereziki agerian geratu dena. Nahiz eta gehienez nagusiengan ematen den, adin-tarte guztion inplikazioa behar da konponbidea lortzeko eta guztion esku dago merezi duten konpainia ematea”.

Ildo horretan, zaharren-egoitzetan egiten den lana goraipatu zuen eta Eibarrek gai honetan martxan dituen hainbat ekimen aipatu zituen, bere hitzaldia mezu argi batekin bukatzeko: “Erakundeen eta herritarren konpromisoa ezinbestekoa da gizarte inkusiboa lortzeko, non inor ez den baztertua geratzen. Ezinbestekoa da udalok eta administrazioak orokorrean ekimenak mugitzea pertsona nagusien ongizatea bermatzeko. Jarrai dezagun guztiok elkarlanean eta saihestu ditzagun bilatzen ez diren bakardadeak”.


 

“Gipuzkoa osorako ibilbide-orria”

Iraolaren agerraldia bukatu zenean, Maite Peñak, Gizarte Politikako foru diputatuak, hartu zuen hitza Hariak Estrategia martxan jartzearen testuingurua azaltzeko. Etorkizuna Eraikiz ekimenaren eta Gipuzkoako 2020-2030 Agendaren barruan kokatzen den “Gipuzkoa osorako ibilbide-orria” da Hariak, azken bi urtetan erakunde publikoekin eta gizarte antolatuarekin lakindetzan egindako parte-hartze prozesuaren emaitza. “Bakardadeen gaiari heltzeko beharra zegoela” adierazi zuen azterlanak erakutsi zuenez “55 urtetik gorako Gipuzkoako biztanleriaren %30 inguru bakarrik sentitzen da, nahiz eta %5,5ak soilik onartzen duten modu irekian”.

Hori dela eta, eta “lehen mailako erronkari” aurre egiteko, Hariak Estrategia sortu zen, adineko pertsonengan eta zahartze-prozesuetan ardatzen badena ere, “ez du modu esklusiboan edo baztertzailean egiten”, argitu zuen Peñak. Eta ekimenaren xehetasun guztiak ezagutarazteko eszentokian Aizpea Goenaga aktorea; Rakel San Sebastian, Adinberriko zuzendari nagusia; eta Ainhoa Becerra, fundazio bereko berrikuntza arduraduna, elkartu ziren, euren arteko solasaldi batean sor litezken zalantza guztiak ebatziz.

Ekitaldiaren amaieran musika nagusitu zen berriro, oraingo honetan Eibarko bi abesbatzen eskutik. Zuzendaritza eta pianoa jotzearen lanetan sartu aurretik, Mirengu Plazaolak Estrategiaren ‘Hariak’ ereserkia abestu zuen, publikoarekin batera eta antzokia soinubakar hunkigarrian bilduz. Jarraian, Sostoa eta Eibarko Koro Gaztea abesbatzek musikal antzeko emanaldi bizi eta ikusgarria eskaini zuten, hainbat kanta eta doinu ezagun abestuz.

​​​​​​​