Zahartzea prozesu sistemikoa, faktore anitzekoa eta endekapenezkoa da, eta ezaugarri nagusia gaitasun fisikoak eta mentalak hondatzea eta galtzea da. Pertsona guztiak ez dira berdin zahartzen, eta badira modu osasungarrian zahartzeari buruzko arrastoak eman ditzaketen populazio-taldeak.
Ehun urtekoek bizi-luzetasun handia erakusten dute, eta azken urteotan modu esponentzialean hazten ari da; datozen hamarkadetan hazkunde-tasa handiena izango duen adin-taldea izango da. Badirudi bizi-luzera oso handia duela, eta, horrekin batera, komorbilitate gutxiago eta bizi-kalitate hobea; hori dela eta, zenbait azterlanek zahartze osasungarriaren eredu gisa proposatzen dituzte.
Gaur egun, ordea, ez dakigu, neurri handi batean, zer mekanismok sustatzen duten zahartze hain luzea, ehun urtekoen ezaugarria dena, eta ez dago gure autonomia-erkidegoan ehun urtetik gorako biztanleria aztertu duen ikerlanik.
Proiektu honetan galdera horietako batzuei erantzun nahi diegu, eta, horretarako, helburu hauek planteatzen ditugu:
- Ehun urteko pertsonak identifikatuko ditugu Osakidetzaren populazio-oinarrietan dagoen informazioaren bidez, eta populazio-patroiak ezarriko ditugu, biologia konputazionalaren bidez, populazio-talde horrek gure inguruan dituen ezaugarri sozio-demografikoak eta sanitarioak deszifratu ahal izateko.
- Beste populazio batean lortutako emaitzak balioztatuko ditugu; izan ere, guk azterketa pilotu txiki batean fenotipatu ditugu, non nonagenarioak egoitzetan bizi diren eta narriadura kognitibo larria duten edo beren etxeetan modu independentean bizi diren.
- Abordatze biologiko bat egingo dugu ehun urtekoetan bereiziki adierazten diren mekanismo molekularrak identifikatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko adin desberdinetako (ehun urtekoen, hiru urtekoen eta gazteen) garun-laginak (hipokanpoa) eta odol-laginak aztertuz.
- Big dataren analisiaren bidez, gure populazio-azterketetan eta azterketa biologikoetan lortutako emaitzak alderatuko ditugu dagoeneko estatuan eta nazioartean dauden beste kohorte batzuekin.
Proiektua amaitzean, espero dugu nabarmen aurreratzea funtzeskoak diren patroi sozio-sanitarioen eta molekularren identifikazioan, ehun urtekoei bizi-luzetasun izugarria ematen baitiete, bai maila sozialean eta demografikoan, bai klinikoan, fisikoan, kognitiboan eta biologikoan. Proposamen honek Euskal Herriko osasunean eta osasun-sisteman eragina izateko eta aberastasuna sortzeko ahalmena du, hainbat hurbilketa eginda:
• Ehun urteko biztanleriaren karakterizazio integrala, adinekoen osasuna hobetzen eta osasun oneko eta desgaitasunik gabeko bizi-urteak irabazten lagunduko duten esku-hartze eraginkorrak proposatu ahal izateko.
• Kalitate hobeko eta pertsona ardatz duen osasun-arreta.
• Arreta soziosanitarioan aurreztea, osasun-arreta publikoaren sistemaren iraunkortasunari laguntzeko.
• Euskadik gailu medikoaren sektorean duen posizionamendua hobetzea, diagnostikoko eta detekzio goiztiarreko ekipoen esparruan berritzaileak diren produktu eta zerbitzuen bidez.