Abesbatzaren babesa

2022 / 06 / 17

Lagunartean abestea bakarrik ez sentitzeko baliabide bikaina da eta Gurea abesbatzak sekulako lana egiten du bakardadeen aurre Beasaingo Jubilatuen Elkartean

Usurbe Antzokia izan zen Hariak estrategiaren aurkezpenaren eszenatokia Beasainen. Jarduerei amaiera eman ondoren, banku eta tailerren inguruan bildu ziren pertsonak antzokian sartu ziren eta hor Leire Artolaren, Beasaingo alkatearen bakardadeei buruzko hitzaldia entzun zuten. Hasteko testuinguru datuak eskaini zituen alkateak: “55 urtetik gorako pertsonen artean, % 30 bakarrik bizi da eta proiektu honen helburua bakardadeak prebenitzea da. Garrantzi handia dute bakardadeek agenda politikoan eta gizarte gisa egin behar diegu aurre”.


 

Beasainen aspaldi ari dira lanean “bakardadeen eraginak minimizatzeko” eta helburu horrekin “‘Ondo ibili, ondo izan’ egitasmoa dugu. Oinezkoen ibilbideak aitzakitzat hartuta, jendea erlazionatzea du helburu”. Goierriko herrian ere “elkartegintza sustatzen dugu, modu natural horretan harremanak sustatzen direlako”. Leire Artolak ere Etxelagun progamaren lana azpimarratu zuen: “55 urtetik gora dituzten pertsonen bizitza kalitatea hobetzea da honen helburua. Inkestak egin ditugu eta hor ikusten da bakarrik bizitzeak duen eragina”.

Baina batez ere gizarteari bideratu zion mezua Leire Artolak: “Bakardadeei aurre egitea ez da bakarrik erakundeen lana, guztien beharra duen erronka potoloa delako”.


 

“Pentsatzen duguna baino askoz gehiago egin dezakegu”

Alkatearen hitzaldiaren ondoren, Ainhoa Becerraren eta Rakel San Sebastianen txanda iritsi zen. Bat Adinberriren berrikuntza arduraduna da eta bestea, zuzendaria. Biek, Klara Badiola aktorearekin batera, Hariak estrategia eta bakardadeen xehetasunak azaldu zituzten. Adinberriko ardunadunek bakardadeei aurre egitea gizarte osoaren lana dela azpimarratu zuten eta jendea estrategiari atxikitzera deitu zuten. Proiektu ezberdinak jarri dituzte martxan Adinberritik “baina gutako bakoitzak dauka zer esateko bakardeen inguruan eta pentsatzen duguna baino askoz gehiago egin dezakegu”.

Beti bezala, musika izan zen saioari amaiera eman ziona. Gurea eta Loinaz abesbatzak elkarrekin agertu ziren eszenatokian, Javier Alberdiren eta Jon Aizpururen zuzendaritzapean. Azpimarratzekoa da Gurea Abesbatzaren lana. Beasaingo Jubilatuen Elkarteko abesbatza da eta adineko pertsonez osaturik dago. Javier Alberdik esan zuen bezala, “lan sozial bikaina egin dezake abesbatza batek”, batez ere bakardadeen aurre.


 

Astean behin biltzen dira entsaiatzeko elkartean eta “kohesio handia lortzen du abesbatzak abestera etortzen direnen artean”. 1990. urtean osatu zen Gurea eta egun hartatik ehunka adinekoei eman die zeregina eta lagunartean denbora pasatzeko aukera. Javier Alberdik, zuzendariak, dioen bezala, “oso ezberdina da adinekoekin lan egitea, ahotsak ezberdinak baitira. Gorputza bezala, ahotsa ere hondatzen baita urteak betetzerakoan”.

Heziketa lan dexente dago ere adinekoekin lan egiterakoan, Javier Alberdik azaltzen duen bezala, “gehienek ez dituztelako musika ikasketak eta irakatsi behar zaie partitura bat irakurtzen”.

Adinekoen atotsak bikain entzun ziren Usurbe Antzokian eta Loinaz abesbatzakoekin batera Alexandre Lesbordesen ‘Kantuz’, Xabier Sarasolaren ‘Airia’ eta Hariak estrategiaren ereserkia interpretatu zituzten bi abesbatzek.