2019an onartutako proiektuen eragin positiboa aurkeztu du Adinberrik

2021 / 07 / 05

ADINBERRIk txosten bat egin du 2019an onartutako proiektuen azken ondorioekin. Proiektu horiek bost helburu izan zituzten: adinekoen bizi-kalitatea hobetzea; gizarte-, teknologia- eta enpresa-berrikuntza bultzatzea; gizarteratzea; prestakuntza-ibilbideak garatzea, eta beste erakunde, herri edo lurralde batzuetara eskalatzeko ahalmena handitzea. 

Azpimarratu behar da proiektu guztiak adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko pentsatuta daudela:

  • Proiektuen % 30 55 urtetik gorako pertsona aktiboentzat dago pentsatuta.
  • % 56, hauskortasun egoeran dauden pertsonentzat.
  • % 62, zenbait mendekotasun-maila (fisikoa, kognitiboa eta soziala) dituzten pertsonentzat.
  • Eta % 12k zaintzaileak ere sartzen ditu bere jardueretan.

Proiektuek ADINBERRIk identifikatutako erronkak ere betetzen dituzte:

  • Hala, proiektuen % 40k prebentzioarekin eta osasunaren sustapenarekin lotutako estrategiak eta jarduerak sustatzen ditu.
  • % 37ren xedea etxeko arreta eta zaintzak dira.
  • % 30ena, adinekoen egoitzetako arreta eta zaintzak.
  • % 25ena, zilarrezko ekonomia.
  • % 25ena, baliozko zahartzea.
  • Eta % 31rena, gizarte-kohesioa.

ADINBERRI 2019ko proiektu guztien eragin kuantitatiboa arrakastatsua izan da, eta honako hauek inplikatu dituzte:

  • 55 urtetik gorako 1.727 pertsona.
  • 20 egoitza (Gipuzkoako sareko egoitzen % 30).
  • 48 profesional.
  • Hirugarren sektoreko 22 erakunde eta enpresa.
  • 58 udal (Gipuzkoako 89 udalerrien % 65).

Gainera, proiektuek bultzada handia eman diote ADINBERRIren lanari, eta eragin kualitatibo handia izan dute.

  • Aukera eman dute esku-hartze sozial, kognitibo eta nutrizionaleko diagnostikoak eta estrategiak egiteko, profil bakoitzaren egoera aintzat hartuta.
  • Zaintzaileei trebakuntza informala eman diete, eta etxean zaintza indartzeko autozaintza-gidak sortu dituzte.
  • Erretiro-prozesuaren aurrerapena eta erretiratu osteko bizitza-proiektua aztertu dituzte, eta nola lagundu dezaketen enpresek trantsizio-egoera horiek zehazten.
  • Eskuragarri dauden teknologiak mapeatu eta gailuak probatu dituzte, eta hauskortasun egoeran dauden pertsonentzako eta mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako hainbat zerbitzu konektatzen dituzten plataformak sortu dituzte, pertsona horien bizi-kalitatea hobetzeko eta zilarrezko ekonomia sustatzeko, emaitzak merkatura bideratuko dituzten negozio-eredu berriak egituratuz.

ADINBERRIk esperientzia positibo horretatik ikasitako ikasgaiak jaso ditu txostenaren amaieran.

  • Finantzaketa publikoarekin sustatutako proiektuek kalitatezko jarraipen- eta laguntza-mekanismoak izan behar dituzte.
  • Etxeko arretaren kalitatea indartu behar da, zaintzaile informalen gaikuntza sustatuz.
  • Garrantzitsua da hauskortasunari arreta emateko ereduetan ekosistemak sortzea.
  • Errealitate birtualeko teknologiek adinekoen estimulazio kognitiborako tresna indartsua direla erakutsi dute.
  • Beharrezkoa da komunitatearen garapenerako gizarte-berrikuntzako beste esperientzia eta proiektu batzuk ezagutzea.