“Gizarte-erronka global baten aurrean gaude, igizarte eta gizaki gisa moralki konprometitzen gaituenak”
60 lagun bildu dira Donostian bakardadeen aurka borrokatzeko beharrak mahai gainean jartzeko
Gipuzkoan, 55 urtetik gorako pertsonen % 29,5a sentitzen da bakarrik, nahiz eta % 5,5ek soilik onartzen duen argi eta garbi. Datuen desberdintasun hori, funtsean, bakardadeei lotutako estigma sozialari zor zaio, fenomeno isila eta askotan ikusezina baita. Zaila egiten zaigu onartzea bakarrik sentitzen garela, kontzeptu horren inguruan ideia orokor bat dagoelako, eta ideia horrek negatibotzat jotzen duelako. Horregatik da hain garrantzitsua bakardadeak elkarrizketa publiko positibo, zorrotz, ez estigmatizatzaile eta, batez ere, ahalduntzaile baten parte izatea.
Elkarrizketa publiko hori sustatzea da, hain zuzen ere, Hariak programaren helburu estrategikoetako bat. Hariak bakardadeen aurreko Gipuzkoako Estrategia da, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberrik Etorkizuna Eraikiz ekimenaren esparruan bultzatua eta modu kolektiboan eraikia lurralde mailako beste erakunde, elkarte, eragile eta bakardadeak bizi dituzten pertsonekin batera. Azken bi urteotan, pertsona talde handi batek estrategiarekiko konpromisoa hartu du. Erakundeek lurraldean nahi ez diren bakardadeak prebenitzeko eta jorratzeko garatzen dituzten jarduerak eta programak ezagutarazi dituzte eta dituzten beharrak ezagutzera ematen dituzte.
Duela gutxi 60 pertsona bildu ziren Tabakaleran bakardadeen gaia mahai gainean jartzen jarraitzeko eta modu librean hitz egiteko, estigmarik gabe. Ainhoa Becerra Adinberriko berrikuntza arduradunak aurkeztu eta dinamizatu zuen jendez gainezka egon zen topaketa eta bertan izan ziren Maider Makazaga, Dya Gipuzkoako kudeatzailea; Maribel Pizarro, GITko zuzendaria; Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoa; Divi García, Gipuzkoako Gurutze Gorriko arduraduna; Myriam López, Adinkide Gipuzkoako arduraduna; Joserra Ezenarro, Nagusilaneko presidentea; Jose Luis del Pozo, Hurkoa Fundazioko zuzendaria eta Josu Elberdin eta David Azurza, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioko ordezkariak. “Topaketa honetan ikusi dugu Gipuzkoako gizarte eragileek aparteko lana egiten dutela eta hori balioan jarri behar dela beti. Elkarrekin lan egin behar dela, koordinatuta eta aterki komun baten pean indarrak batuz”, hausnartzen du Ainhoa Becerrak. “Halaber, egiaztatu dugu bakardadeak askotarikoak direla, bai eta horiek eragiten dituzten egoerak ere. Beharrezkoa da tresnak izatea, bai maila pertsonalean, bai sozialean, nahi ez diren bakardade-egoerei aurre egiteko. Eta koru praktika horietako bat dela. Azken batean, gizarte-erronka global baten aurrean gaude, indibidualki agertzen den arren, gizarte eta gizaki gisa moralki konprometitzen gaituenak”.