«Nahiz eta bakarrik sentitu, jakin ezazu ez zaudela bakarrik»

2022 / 06 / 22

Pasaiako Hariak Estraregiaren aurkezpenera Josu Elberdin, musikaria eta ‘Hariak’ ereserkiko konpositorea, gerturatu zen

Behin kaleko jarduerak bukatu zirenean, Hariak Estrategiak bultzatu nahi duen elkarrizketa publikoa Pasai Donibaneko Juanba Berasategi kulturgunera eraman zen eta publiko jendetsua bildu zen ekitaldian.

Bakardadeekiko Pasaiak duen konpromisoa erakusteko Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotzia den Loreto Osa igo zen eszenatokira. Pasaia «65 urtetik gorako biztanleria % 22-tik gorakoa duen herria denez», herriko Udaletxearentzat «funtsezkoa da komunitatearekin eta elkarte ehunarekin batera horrelako estrategiak bultzatzea».

Datu horiek azalduta, hausnarketa interesgarri bat ere utzi zuen Loretok: «Bakardadea eta, batez ere, nahi ez dugun bakardea, gizarte gisa aurre egin behar diogun erronka handienetako bat da. Nahiz eta modu askotan konektatuta gauden, batez ere era digitalean, joera geroz eta indibidualistagoa da. Kasu askotan harreman pertsonalak harreman birtualekin ordezkatu ditugu eta pandemiak ez du egoera hori iraultzen lagundu, bizkortzen baizik ». Horregatik, jarraitu zuen, «beharrezkoa da bakardadea prebenitzen lagunduko duten proiektuak eta politikak bultzatzea eta pertsonen hauskortasuna identifikatu eta hauei laguntzea».

Jarraian, Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuaren txanda iritsi zen. Azaldu zuenez, aztertze lan batetik sortu zen Gipuzkoako lurralde osorako ibilbide-orri bat ezartzearen nahia, bakardadeei aurre egiteko lanean “denon ahalegina beharrezkoa baita. Hariak Estrategiak lagundu nahi du lurralde bat eraikitzen, non pertsonek gaitasun eta baliabide personal gehiago izango dituzten bakardade egoeren aurrean, lotura sozial eta afektibo esanguratsuak izateko eta horrela, parte-hartze eta lotura handiagoak izan ditzaten”.

Diputatuaren hitzaldia eta gero, ekitaldiak Aizpea Goenaga aktorearen eskutik jarraitu zuen. Sarrera moduan antzerki bat egin eta jarraian, Adinberriko zuzendari nagusia, Rakel San Sebastian, eta erakunde bereko berrikuntza arduraduna, Ainhoa Becerra, agertu ziren eszenatokian, Hariak Estrategiaren xehetasunak azaldu zituen hiruen arteko solasaldia egiteko.

Pasaia Musikaleko Illumbe eta Pasaia Txiki abesbatzen eskutik amaitu zen ekitaldia. Josu Elberdinen zuzendaritzapean hainbat abesti ezagun interpretatu ostean, Elberdin berak sortutako Hariak Estrategiaren ereserkia abestuz bukatu zen kontzertua. Musikagile pasaitarra ‘Hariak’ sinfoniaren sortzailea da, baina konpositore izateaz gain, gizarte hezitzailea ere bada, eta eure egunerokoan «adinekoekin lan asko egiten dut» musika arloan, hau baliabide garrantzitsu bat bezala ulertuz: «Musika hezibide proiektu bat bezala ulertu dut beti. Adineko taldeetan nire asmoa, helburua, ez da musika egitea, laguntzea baizik, nahiz eta horretarako musika erabiltzen dugun eta noski, ahalik eta hobekien egiten saiatzen garen».

Hori dela eta, eta bere aitarekin «gertutik» bizi izan duelako «adineko jendean musikak duen eragina» eta abesten hasteak «bizitza aldatzen duela», ‘Hariak’ kanta konposatzeak esanahi «berezia» izan du Josurentzat. Marta Garciak idatzitako letratik, hitz gutxikoa baino esanahi itzelakoa, eta Josuk jarritako donuetatik, ‘Hariak’ ereserkia sortu zen, «mezu argi» batekin: «Nahiz eta bakarrik sentitu, jakin ezazu ez zaudela bakarrilk». Eta bakardade horien inguruan «musikak eta abesbatzen zuzendariek egin dezakegun lana oso garrantzitsua eta baliotsua» dela azpimarratu zuen.